Jota

Erabiltzailearen aurpegia KarolinaSuarez 2024ko urr. 11a, 08:00

Pantxike jota dago eta Patxikotxuk badaki. Hau ez diot nik; Durangoko Udalak jaien egitaraua denon etxeetara bidali du eta argi ikus daiteke hor. Lur jota. Erabat gaindituta.

Sokamuturrik ez, zezen suhar gainean doa; ero. Hain dugu zorigaiztoko andre, non txupina haren kontra zuzendu den. Aspaldi konturatu da Patxikotxu koitadua; hanka egin du txapela ere erortzeke duela. Berarekin opila eta sapuerritarra. Banekien nik tronperritar sen handiagoa zuela Pantxikek; hereje maitagarri halakoa! Mila txupin haren kontra zuzenduta ere topatuko luke modua San Fausto jai kutunak dantzatu, abestu eta aldarrikatzeko. Jarraitzen dut aurtengo jaietako kartelari begira eta konturatu naiz askotan naizela Pantxike. Leher eginda. Eta zenbat garen; zenbat Pantxike ezagutzen ditudan.

Gauzak nahasten nabil honezkero, baina, Pantxike pozik ez dagoela jakin dut; eta, ez al da afixa egoeraren metafora aparta? Tira, jaiak heltzeko nagiaz egonda festen azken apurra ere miazkatzea gustuko duen Pantxike banaiz. Ordea, izerdiz, haserrez eta etsipenez herriari zor zaizkion hamaika Pantxikeri esker lehertu da gaur festa. Arduraz, gozamenez eta alegrantziaz guztion zaintzaile direnak. Txupinak festa baino ez beza piztu, osasuna eta maitasuna!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!