Oda txikia erromeriei

Erabiltzailearen aurpegia KarolinaSuarez 2024ko uzt. 19a, 09:00

Herri kultura ez da estatikoa, bizi-bizia baizik. Bizia eta berria; nahiz eta sustrai luzeak izan, auskalo norainokoak. Ogibideak erromeriaz erromeria narama azken asteotan eta sentsazioa daukat historian bete-betean kokatzen zaituen zerbait dela; jasotzen dugun guztia emana zaigula.

Baliteke berri hitza desegokia izatea tradizioaz hitz egiteko, horretarako zahar egon behar duelako, eta tradizioa ez da zaharra, antzinakoa baizik. Bada, aspaldiko horri ahal den moduan eusteko izerdia dariela ikusi ditut hainbat herrikide handik eta hemendik: euskara apenas entzuten den Lazarragaren herrian era prekarioan haurrei aurresku arraro bat erakusten; Arene auzoko lagunak turistifikazio makabroaren gainetik Dragonstonen San Juan Portaletaña abesten; Urallagara zaldian igotzea baino besterik ez duten meatzarien oinordekoen azal gogorra edota Aizkorri inguruetako artzainena, urrutiko erromeriara bidean…

Hor, bada mundu bat zeinari denbora luzean kasu handirik ez zaion egin. Erromerietan mundu guztia unean oso presente dago, dibertitzen eta inguruan duena ospatzen: auzolana, paisaia, adiskidetasuna eta askatasuna. Aberria egin nahi ez eta egin egiten dute tokiko erritualen sutsuek. Oda txikia izan dadila hau zoriontsuago egiten gaituen horri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!