Atxutxieta zubia

Erabiltzailearen aurpegia KarolinaSuarez 2024ko mai. 31a, 09:47

Yuretako erekia “atxutxieta” deritxon lekuan dagoan depositotik eta montoeko zubira bijen bitartian ikusten dan sikiñekerija ta botaten daben usaña gure erija lotsatzeko eta osasunaren kalterako baño eztala gogoratu biar dogu.

Halako kexa jasotzen da 1934ko garrillaren leheneko ‘Euzkadi’ egunkarian Errijetatik atalean eta badu jarraipenik: ¿Zer egiten dabe-ba Yureta’ko ziñegitzi edo konsejalak Durango’ko Udaletxian onango gauzak argitu barik?

Bada, orain, eremu berean, badute beste ezer argitzeko. Iurreta eta Durango arteko zubi berria inauguratu dute asteon. Bertan udal ordezkariek eginiko performanceak parodiak ere eragin ditu sare sozialetan. “Ondo etorri Iurretara hemendik aurrera”, Iurretako alkate berriaren adierazpen horrek ere eragin du erreakziorik. “Elkartasunaren zubia”, deitura proposatu du pasabiderako baina, Durangoko alkateari ez zaio gustatu (normala) eta azkar erantzun dio: “Izena… agian denon artean erabaki behar dugu…”.

Garai baten enterradorea Deabruaren zubia pasata iristen zen Iurretara; Tomasa Urien Intxaustik mesfidati erreparatzen zion harrizko arkuari, sepulteroa jausiko zen beldur. Belakortutarrek baina, Atxutxieta zubia esaten zioten eta halaxe jasotzen du Jaurlaritzaren erreferentziazko geoatariak ere. Batek jakin datozen belaunaldiek nola deituko dioten!

Udaletxian onango gauzak argitu artean, Zuhatzolara mugitutako harri-pila Iurretak aldarrikatzea da nire proposamena. Izen ponposo batek baino arrasto handiagoa utziko du horrek, seguru.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!