Tradizioari desafio

Erabiltzailearen aurpegia KarolinaSuarez 2024ko api. 26a, 08:39

“Hartu itzazu ardo batzuk nire partez!” Esaten zien hilaren 21ean bokal gisa zegoen gizonak haren ezagunei. Portzierto, ezagun andana. Eguraldi ederra, benetan, iragan domekakoa. Gizonaren alboko andre zaharragoak ere, presidenteak, edan nahi zituen zurito batzuk eguzkitan.

Beste bokala emakume arrazializatu gaztea zen, auzoko dendari ezaguna. Haren botoa zen perzibitzeko zailena. Hargatik hurbiltzen zitzaizkion edozein alderditako ahaldunak. Auzokoen deiturak hitz apalez eta lotsa zantzuz irakurtzen zituen. Ondoko EAJko ahaldunak baino ez zuen entzuten. EH Bilduko ahalduna mahaiko gizona laguntzen; zifra-akats bategatik goiz osoko lana berregin behar zen. Han ziren biak, tipexarekin, hand to hand. Bukatzean, zigarroa erre eta bueltan, presidenteak berak zuen Bildukoaren hautesle-errolda, inork eskatu gabe, laguntzeko.

EAJkoak Bildukoari galdetu zion ea bietako zeinek irabaziko zituen boto gehien han. “Mahai honetan? Zuek”, erantzun bitartean PSEkoak ozenago: “Ez zenekien? Toki hau ona da, PP eta EAJrentzat!”. PPkoa pozik “A, bai?” — batek jakin Espainiako zein herritik bidali zuten bertara; imajinatu ere ez zuen egin PSEkoa herriko alkateordea denik—. Anduezak eta Atutxak adierazi dute «logikoena» eta «normalena» litzatekeela azken urteetako koalizioari jarraipena ematea. Ba, ohituren arazoa da usadioaren arabera eboluzionatzen dutela. EH Bildu izan da indar bozkatuena Durangaldean. EAJ-PSE koalizioak PPren babesa erabili zuen leku guztietan Otxandianoren taldea izan da garaile. Legegintzaldi hau mugarri izango da; tradizioa dirudienari desafio egin zaio eta betiereko boterea inperiorik sendoenek ere izan ez duten zerbait da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!