Badator Azoka

Erabiltzailearen aurpegia KarolinaSuarez 2023ko abe. 7a, 08:40

Gainean dugu Durangoko liburu eta disko azoka, Euskal Herriko kultur adierazpenen artean garrantzitsuenetarikoa. Tradizioz sortu dugu beharra euskal kulturaren aldeko konpromisoa berrestearena, ekimen handiaren parte izatearena; egia da, gizartean oso errotuta dauden beste mugimendu batzuk bezala, giro euskaltzale, abertzale eta ezkertiarretatik sortu zela azoka, zorioneko aldarrikapen eta sorkuntza transzendental ugariko urte haietan.

Azken urteotan, ordea, estatistikek eta ikerlanek erakutsi digute euskararen erabilera, bere ezagutza maila, euskalkien egoera, eta gure kulturaren erroen ezagutza amildegian behera doazela; euskal sortzaile gehien, euskalduntze plan-publiko gehien, euskal kulturaren aldeko erakunde, talde zein enpresa gehien daukagun momentuan eta... Azoka gero eta arrakastatsuena den garai beretan, hain zuzen.

Paradoxa hala, kapitalista eta neoliberala den itsaso zabalean olatu handi bat da euskal kultura. Globalizazio betean teknologia berrietara egokitzen dabilen ur multzoa, korronte berriek sortzen dituzten erreketara ere iritsi behar dena. Ahaztu gabe, belaunaldi berriek bertan uger egitea nahi baldin badugu behintzat, korrontearen kontra egiten ere jakin behar dela. Kontu handiaz, noski; sekula gizartearen aurretik, euskal kultura izan dadila beti jendartearen isla. Gizartea bera aldatuz kultura biziberritzeko, eta ez alderantziz. Gogoratuta euskal kultura ez dela eskuragarria herri honen gehiengo batentzat; beraz, anitzaren aniztasunean tentuz heldu behar diogu pareko erronkari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!