Oldarraldiari oldartu

Erabiltzailearen aurpegia KarolinaSuarez 2023ko aza. 3a, 08:45

Batzuetan zabal besteetan laburrago, halako mugetan hazi zen euskara milurtekoetan. Erasoaldiaren lehen arrastoak Quevedoren bizkaitarraren aurkako ibilera mesprezagarri baina xaloek ematen dituzte. Ehun urtera hartu zuten Borboiek agintea, geroko Frantziako Iraultzak ere ez zigun berri onik ekarri. Fanatismoaren hizkuntzan gabiltza ordutik. Karlistadek ez ziguten mesederik egin eta spoiler: Franco iritsi zen. Orduan, odolez bustitako mendi eta arekekin hasi zen euskararen garairik tragikoena.

Ez libururik ezta agurrik ere maiteñoari. Urte luzetako debekua. Hain zen metodologikoa jazarpena ezen ortografiara ere iritsi baitzela. Arrazoirik ñimiñoenengatik mehatxuak bete egiten ziren; apaizak ere ez ziren libratzen. Lazkao Txikiri inprobisatuko zituen bertsoen itzulpena aldez aurretik eman ziezaiela eskatu zioten agente batzuek: oximoron. Nahiz eta pentsa zitekeen zentsura frankista erlaxatzen joan zela urteekin, estrategiaren parte zen: emaiezu soka, harekin urka daitezen. Bidasoaren iparraldean egoera ez zen xamurragoa.

Francoren heriotzak ez zuen iraultzarik ekarri euskarari dagokionez eta hementxe jarraitzen dugu; oldarraldi ideologiko eta judizial baten aurrean. Euskal Herrian euskara inposatzen dela diote hainbat epaik, botere judiziala ari zaigu hizkuntza politika determinatzen. Nahikoa da! Oldartu gaitezen herri gisa euskararen kontrako oldarraldiari. Euskararen aurkako erasoen zerrendak bukaera behar du izan. Euskarak beti izan gaitu eta izango gaitu: per omnia secula seculorum. Bihar Bilbora noa, bazatoz?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!