Sasi-koadro kliniko

Erabiltzailearen aurpegia KarolinaSuarez 2023ko ira. 15a, 08:38

Ikasturte hasiera noiz arte luzatu daitekeen ez noa ni esatera, norberak heldu diezaiola bere engainuari. Norberak sortu dezala abagune aproposa turista izatetik peoiz jantzita norbere buruari ondo dagoela esatera pasa eta ikasturte batez horri eusteko. Ezagutzen dut inor abagune horren mugatzat Durangoko jaiak dituenik. Pentsa zenbat buru maitagarri bezain zoro errealitatetik ihes egin nahian.

Etxean ez dugu telebista-antenarik eta gutxitan topatzen gara ohiko kanaletako edukiekin. Gutxitan haur askok buruz dakizkiten iragarkiekin. Ordea, limurtu gura zaituena kosta ahala kosta iristen da zugana, eta han topatu ginen pisukidea eta biok zazpi minutuz ikasturte hasierako iragarki zaparradarekin. Gehienek “opor osteko depresioa” deritzona zerabilten, eta, gu, pantailaren beste aldean sasi-koadro kliniko hori irensten, barruraino.

Hilabete bat da lanera bueltatu naizela, kostata, pasa dut sindromea. Guztia patologiko bihurtzea gustuko dugu, baina berez, oporrak bukatu eta lanera itzultzeak sortzen dizkigun amorrazio eta oztopoak definitzen baino ez gabiltza. Kasu honetan, ez al da sindromea erantzun osasuntsu bat? Lanera itzuli denak eman dezakeen erantzunik osasuntsuena?

Norbaitek lanera itzuli nahi badu, arazo bat daukan seinale da niretzat. Opor ostean, lana eta ardurak ezin dira gure bizitzaren oinarri bilakatu; garrantzitsua da gure gozamenerako gune eta tarteak aurkitzea. Izan ere, urte berri batek baino asmo gehiago dakartza ikasturte berriak nahiz eta aurreko aldiko erronka berdinekin abiatzen garen maiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!