Zail dugu edonolako bizi proiektua aurrera ateratzea. Ez nau harritzen beraz, umiliatzen duen sisteman parte hartu nahi ez izateak. Haserrea birbideratu nahi du orain, ordea. Clara ez da egoista, zilborraz harago badu bistarik eta ez du guztiaz paso egiten; bere erradikaltasunak onartzen du hori.
Berealdiko mamuaren parean gara baina gertukotasunaren abantailez ohartu da. Hauteskundeetan ez bozkatzeko erabakiak ez dio soilik eragiten hautu horren alde egiten duenari, Clarak badaki. Abstentzioak ondorio politiko zuzenak ditu bozen emaitzetan, eta maiatzaren 28an ere horrela izango da.
Gaztea da, oso, Clara; ergela ez, kontrara. Sistemaren eguneroko kontraesanek erakutsi diote baduela nondik eraiki. Sekula ez da izango osotasunean ados; ezinezkoa da. Hasteko, behintzat, urrutikoari itxaroteko eskatu dio eta gertukoari bultzada emango dio. Ez du beste batzuek interpretatzen dutenaren ikusle izan nahi. Protagonista izatea erabaki du. Zuenean den bezala, bere esku ere badago gure herriaren etorkizuna; zorterik onena erabakietan, laguna.