“Durango operazioa” entzuna duzue? 2012an 270 milioi euro baino gehiagoko kostuarekin amaitu ziren trenaren lurperatze obrak. Herriaren bihotzean 18 solairuko 5 dorre eraikitzeko apustuak agerian uzten zuen beste behin ere zerbitzu publiko baten kostua hirigintza-pilotakada pribatu batekin lotu nahia.
Horren aurrean, nekeza suertatu zitzaion Erabaki herritar plataformari entzuna izatea durangarren nahia nahikoa iruditzen ez zitzaion boterearekin talkan. Traben gainetik baina, herritarren ahotsa altxatu zen eta danbada horri gogor helduta iritsi zen gobernu aldaketa. Egiteko moduetan aldaketa.
Bere horretan edozein parte hartze prozesu ez litzateke ezohikoa izan beharko; halere, lehen aldia zen erabakitzeko eskubidea aitortzen zitzaigula. Hauteskunde aldien artean ikusle izatera ohitu gaituzte; marko horretatik kanpo asaldatzen gara. Trenaren bidea izan zenaren zauriak ixten doaz orain eta utziko duen orbaina harro erakustekoa izango da. Inposizio-politiken masterra aspaldi gainditu genuen, praktika egokiena falta zaigu orain. Horretarako, denbora behar da.