Ezer gutxi dakit, interesa falta izan zaidalako. Halere, Gernikako frontoira joatea otu zitzaidan orain gutxi, harrabotsak jakin-mina piztuta. Txundituta geratu nintzen. Geroztik, zale haiek bezala, herriko pilotalekua herritarrona sentitzeko gogoz naiz, etxekoek oroimenean gorde dutena oroipen hutsa izateari uzteko.
Askotan egon naiz Ezkurdiko frontoian, baina utzikeriagatik itxita egon behar izan eta gero, bihozkada daukat hurrengo aldia ezberdina izango dela, izan ere, badaude horretarako baldintzak.
Irakurri dut Helenak 2020an hamahiru urte zituela Ezkurdi Jai Alai ez ahazteko erakundeei helarazi zien poema. Ordura arteko kudeaketaz jakitun, bizipoza ematen zionari hiltzen ez uzteko eskatu zien. Bada, lortu du, eta gainera, hobea izango da, berak beste bi emakumerekin batera inauguratuko duelako.
Emango dituzten pilotakadek bira emango diote Durangoren historiari. Datorren urtarrilaren 27ak, nahitaez, karga politiko eta sozial handia izango du. Eta hau guztia nola ikusten duen aitak? Elegante.