Teilatuaren adierak

Erabiltzailearen aurpegia KarolinaSuarez 2022ko urr. 28a, 08:00

Atxondoko zazpi herritar etxetik bota ditu udalak. Egoera larrian dagoenez, Axpeko aterpetxea itxita mantentzea erabaki du, “betiere bertan bizi daitezkeen pertsonen segurtasuna zainduz”. Ordea, kale gorrian lo egitera behartuta ikusi dute euren burua. Bada, zaintzak, nirean, bestelako esanahia du. Eskerrak berdin aditzen dutela Atxondo Harrera Herriko lagunek. Udaletxe azpian kanpamentua muntatu dute harrera etxe gisara, zaintza-txandak tarteko.

Durangon ere izan zen Atxondokoaren gobernu homologoa. Antzera, utzikeria estandarte izanda, erortzeke zeuden hainbat eraikin publiko mantendu zituen urte luzez. Baina iritsi zen aldaketa. Nahiz eta eraikin zaharrok hustu behar izan, Pinondo Etxeko eragileek badute teilatua, eta udaltzaingoa ez zen gaizki egon Plateruena antzoki pareko obra-etxoletan.

Gura izanez gero, badira aukerak. Baina arazo bat dute Atxondoko agintariek: zazpiak pertsona migratzaileak dira. Eskuak garbitzeko asmotan, aitaren atea jo du udalak eta Jaurlaritzarekin etorkinak birkokatzea “adostu” du. Profil pertsonalen arabera banatuko dituzte. Ez dute beraiekin hitz egin, ez dakite zer den nahi dutena. Anbotori, ordea, azaldu diote: bota dituztenek ez dakite zer den kalean lo egitea, eta Atxondon bizitzen jarraitu nahi dute. Jatorria edozein izanda, atxondarrak ere badira.

Aldiz, euren migratzaile izaera betikotu nahi du gobernuak. Hutsetik hastera behartu nahi dituzte behin eta berriro; bizitza prekariora kondenatu. Jadanik kondena horri lotuak ez badaude. Bederen, herri honetan bada zauriak sendatzeko prest denik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!