Egiazko deskantsu egunik ez

Erabiltzailearen aurpegia KarolinaSuarez 2022ko ira. 9a, 10:00

Itsas kontuetan aditua izateaz gain, zorrak pilatzen ere trebea omen zen Elkano. Nahiz eta garai hartan Gaztelako erresuman atzerritarrei itsasontziak saltzea delitua izan, zorrak kitatzeko eman zuen berea. Legetik ihesi iritsi zen Sevillara. Ez zuen ezer galdu han. Guk, ordea, harekin zorretan egongo bagina bezala, ospakizunerako hartu dugu martitzena.

Arrazoiz jaiegunen antolamendu honi eustea zaila da, oso. Hala, makineria instituzionalak prestatutako Elkano marka irentsi dugu. Agian, euskaldunok ez dakigu gure lorpenak saltzen; erreferente bat lehiatu nahi diogu Espainiari itsuan, iraunarazten gabiltzanari arretarik eskaini gabe.

Errege bati gorazarre egitetik, bizirik heldu ziren Espainiako Enperadorearen agindupeko gizonak goraipatzera pasatu gara. Gainera, erakunde denek erosi dute bertsio akritikoa. Akaso, Elkanoren teilatua hautatzen okertu gara eta erosoegia da eraiki dugun etxea. Kontua da espazio publikoan altxatu dugula, eta hori etorkizunerako nahi dugunaren isla da.

Gure historia berridazteko hainbat ahalegin loratzen dabiltza. Hala ere, nahiz eta errelatoa guk idatzi, mundu hobe bat proiektatu nahi badugu, erreferenteak tentuz aukeratu behar ditugu. Gauza bat da euskaldunei nabigatzea ahalbidetu zien trebetasuna eta industria goraipatzea. Beste gauza bat da herrialde baten enbaxadore bihurtzen saiatzea asmo inperialen lagun bat.

Artean, nire urteguna jaiegun bihurtzen saiatuko naiz, arrazoizko atsedenerako ez zait besterik okurritzen eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!