Hirugarren lanuztea egin dute gaur Bizkaiko metalgintzako beharginek. 50.000 langiletik gora dabiltza bertan lanean eta ondo dakigu eskualde honetan zein argazki uzten duen horrek; zenbat eta zenbat etxe hitzarmen beraren giltzarrapoaz.
Beste behin, lurrikara baten lekuko izan da Durangaldea; bertoko beharginek argi utzi dute borrokarako prestutasuna badutela. Gainera, azken urte zoroetan berretsi da, baldintza duinak norberak eta kolektiboan borrokatu ezean, zerutik ez dela oparirik jausten. Tira, ikusiko dugu inoiz halakorik. Ziur, baina, patroiaren eskutik ez zaigula ezer onik iritsiko.
Bada, grebak eta aliantza handiak behar dira. Ala, zuei ez zaizue oilo-ipurdia jartzen, esaterako, merkataritzako eta zahar egoitzetako langileek behargin batasunaren aldeko oihu artean industriako grebalariak txalotzen dituztenean? Niri bai. Eta, ez. Ez da kasualitatea sektore feminizatuak izatea.
Laneko arazoak gatazka sozial bihurtzea beharko genuke helburu; lanekoa soziala delako eta soziala, berriz, laborala. Oztopo guztien gainetik, segi langile enpresak hustu eta kaleak betetzen. Zeren eta borroka hitzarmen justu eta zuzen baten aldekoa da, inoiz ez pribilegio baten aldekoa.