85 urte iragan dira sarraski hartatik; 85 urte faxisten arteko kolaborazioaren eta esperimentazioaren biktima egin gintuztenetik. Gainera, gerran garaile izan zirenen ondotik sortutako erregimenak ez digu, oraindik ere, bakerik ekarri. Horrexegatik, erreibindikazio-oroitzapena behar du izan urtemuga honek.
Faxismoaren aurkako borrokan segitzen dugu antifaxistok. Merke atera zaizkie orduko hilketak, torturak, umiliazioak… Hori gutxi balitz, harro daudela erakusten dute behin eta berriro. Merke ateratzen jarraitzen dute egungo eraso arrazistek, matxistek, homofoboek… Alegia, faxismoak atzo bezala gure artean jarraitzen du, eta goranzko joeran gainera.
Bada, memoria dugu ezinbesteko lanabes gaurkoa borrokatu eta biharkoa eraikitzeko. Baina lan-tresnak eraginkorrak izan daitezen, faxismoaren kontzeptuarekin lotzen diren iruditegiak eta mezuak eguneratu behar ditugu.
Argi ibili behar dugu, eta burua erabili. Kapitalismoaren txotxongilo preziatua ere bada faxismoa eta horri aurre egin behar zaio. Esparrua zehaztu, eta alternatibak eskaini behar ditugu; axolagabekeriaz ez goaz inora. Kapitalismoak faxismoaz egiten duen erabilera apartari, erantzun apartak; modu kolektibo eta partekatuan. Bereziki, duela 85 urte gertatutakoak errepikatu ez daitezen.