Federazioek, hamazortzi modalitateentzako txapelketak antolatu behar dituzte. Kontuan izan, modalitate bakoitzaren barruan, hainbat txapelketa eraman behar izaten direla aurrera. Gizonezkoen aizkoran, adibidez, hiru kategoria daude eta kategoria bakoitzean, txapelketa, eta hori jokatu aurretik, kanporaketak. Horrez gain, emakumezkoen aizkoran, kanporaketa bakarra eta txapelketa. Gizonezkoen harrijasotzean, bi txapelketa: harri haundiak eta harri txikiak. Momentuz, emakumezkoena, bat bakarra dago. Sokatiran pisuaren araberako txapelketak daude; ez dago bat eta bakarra. Ba horrela gainontzeko modalitateekin ere. Ez dira hamazortzi txapelketa bakarrik antolatu behar. Modalitate bakoitzari dagozkion kanporaketa eta kasuan kasuko txapelketak ere bai.
Txapelketa hauetan, suposatzen da, lurraldekoetan baino jende gehiagok parte hartu beharko lukeela, azken finean, zazpi probintzietako kirolariek hartzen dutelako parte. Baina, sarritan, ez da horrela izaten. Normalean, lurraldekoetan kasu gehiago egin izan ohi diote kirolariari (agenda antolatzerako orduan,…). Baina federazio handietan gauzak ezberdinak dira.
Hain ezberdin dira, non lurralde batzuetan orain arte jokatu ez diren txapelketa batzuk jokatu diren, eta euskal herrikoan ez. Modalitate guztietan, gizonezkoen txapelketarako arauak jarrita daude, baina emakumezkoen txapelketa batzuk, oraindik ez dira jokatu. Eskerrak lurraldeetako federazioak horri buelta bat ematen hasi diren.
Handietan, handiak izaten dira arauak, eta arau batzuk ez dira berdinak Euskal Herriko Federazioan eta lurraldekoetan. Adibidez, Euskal Herriko Txapelketa baterako izena eman baduzu, eta azken momentuan gaixotu bazara edo min hartu baduzu, medikuaren justifikantea eramanda ere, hurrengo hamabost egunetan ezin duzu beste txapelketa edo erakustaldirik egin. Gaixoaldi batzuk, bi-hiru egun iraun dezaketela kontuan hartuta, txapelketara ez bazoaz, ez dezazula beste txapelketarik izan hurrengo hamabost egunetan, bestela bi txapel irabaztetik oso urrun geldituko zara. Eskerrak txikietan, lurraldekoetan, arauak ezberdinak diren eta ez diren hamabost egun pasatu behar beste txapelketa batean parte hartzeko.