Ni ez naiz horretan jakituna, baina konturatu gara, gaztetan umeak kirolean jolas moduan hasten direla, gustatzen zaiela baina heltzen dela momentu bat non taldeak ateratzea, txapelketak egitea eta motibazioari eustea zaila den. Hori dela eta, “gazte kirolaria” hiru kategoriatan sailkatzeari ekin diogu. Aipatu behar da, txikitan, ume bat kirolean hasten denean, jolasean hasten dela. Hasieran, kirola ezagutu beharra dago, eta, horretarako, jolasa oso gako garrantzitsua da, entrenatzailearen jarrera den bezala. Urte batzuk pasa ostean, jada ez da jolasa, kirol bilakatzen hasten da, horrek dakartzan ondorio guztiekin: askotan asteburuetan ezin lagunekin irten, jatekoa zaindu, arratsalde luze neketsu asko, sufrimendua, eta abar eta abar. Etapa horretan, gazteak hiru mota hauetako erabaki bat hartzen du:
Lehenengoa: kirol hori alde batera utzi eta beste gaztaro bati ekiten diona, parrandazalea esan dezakeguna.
Bigarrena: kirolean jarraitzea nahi duena, baina asko sufritu gabe. Laburbilduz, jolasten jarraitu nahi duena eta lehenengo mailatik bigarren maila batera jaisten dena.
Hirugarrena: kirolean murgilduta jarraitu nahi duena, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Askotan goi mailara iristen dena.
Irakurle, ez dakit eneagramako zein kategoriatan sartuko zenukeen zeure burua edota ondorengo hiru kategoriak gustatu zaizkizun.
Askotan guztia orokortzen dugu eta taldeetan bereizten gara. Baina gogoratu mota guztietako jendea bizi dela gure inguruan, eta askotan ez dagoela gure bizipenetara edo ideietara ehuneko ehunean egokitutako talderik.