Ikasitakoa praktikan jartzen

Duela urte eta erdi, Federaziotik abisatu ziguten, Eusko Jaurlaritzako lege aldaketa bat dela eta, 2026tik aurrera, txapelketan parte hartzen zuen kirolariaren entrenatzaileak "entrenatzaile titulua" beharko zuela.

Hau da, orain arte harrijasotzaile batek bi laguntzaile bazituen txapelketan, 2026tik aurrerako txapelketetan bietako batek entrenatzaile titulua beharko zuela. Notizia honek pixka bat sorpresaz harrapatu gintuen. Bagenekien hasiak zirela urtebete lehenago entrenatzaile tituluak ateratzen baina ez genuen uste derrigorrezkoa izatera iritsiko zenik. Hori dela eta, neba eta biok, beste hamazortzi bat lagunekin batera, titulua ateratzeari ekin genion, gerora zerbaitetarako balioko duen esperantzan. Izan ere, gu harrijasotzaile izan gara, ez dugu inoiz pentsatu guk beste batzuk entrenatu beharko ditugunik, baina tira, inoiz ez da jakiten zer etorriko den. Uste genuen nahiko erraza izango zela, kontuan hartuta entrenatzaile asko gure aitaren edade ingurukoak edo zertxobait gazteagoak direla, eta lehenago edo geroago beraiei ere iritsiko zaielako titulua ateratzeko momentua. Baina dena ez zen erraz-erraza izan. Pasatu genituen gure orduak liburutegian, azterketak egin,… Baina titulu bat eskuratzeko hori da egin behar dena. Ezer egin gabe ematea ez litzateke normala. Beti erakutsi digute zerbait lortu nahi duenak saiatu beharra daukala. Eta tira, lortu dugu titulu hori ateratzea. Nik neuk badaezpada atera nuen, gerora begira zer etorriko zaidan jakin gabe. Eta hara non, aurreko astean aipatu zidaten harrijasotzaileen arteko lehia bat egingo dela eta lau taldeetako baten kapitaina izatea egokitu zaidala. Inoiz ez da jakiten ikasitakoa noiz jarriko duzun martxan, baina hau da momentua ikasi dudana praktikan jartzeko, eta, egia esateko, bertigo pixka bat ematen du. Baina, egia esan, ez dakit benetako bertigoa zerk ematen didan: harrijasotzeko postua utzi eta harria jasotzen arituko denari aginduak emateak, ala ikasitakoa benetan ongi ikasi dudala erakusteak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!