Ez genuen elkar ezagutzen, baina konturatu ginen hainbat gauza genituela amankomunean. Elkarri galderak egin eta erantzuten genbiltzan bitartean, galdetu nion ea pilotan aritzeko derrigorrezkoak ziren praka zuriak janztea. Berak baietz erantzun zidan, derrigorrezkoa zela. Prakak egiten zituzten enpresekin elkarlanean zebiltzala praka erosoagoak egiteko, baina zuriak izan behar zutela. Beraien legediak horrela omen dio. Eta horrek pixka bat “harritu” ninduen. Aizkoran aritzen garenok, eskerrak ez dugun praka zuriak janzteko derrigortasunik, eta hori eskertzekoa da.
Ohitu gara frontoian, kantxan, plazan dabiltzan hainbat kirolari gizonezko praka zuriekin ikustera (bai pilotari, zestalari, aizkolari, futbolari,…). Eta ez dut esaten gaizki dagoenik, bere elegantzia baitu (imajinatu bestela buruz-buruzko pilota partida bat pilotariak maila beltzekin). Zuriak badu elegantzia, baina zikina da. Eta horrek emakumezko askori beldurra ematen digu. Zergatik? Hilero, emakumezkook hilerokoa baitaukagu eta ez dakigu zenbat zikin genitzaken gure prakak.
Behin plazara, frontoira, zelaira irtendakoan, ezin gara gure prakak noiz zikindu daitezkeen pentsatzen egon, kirolean kontzentratuta baizik. Uste dut erosotasuna bilatzea ezinbestekoa dela eta horri buruz ere hitz egin eta eskaerak egin behar direla. Begira Realeko nesken kasua: bertako neskak ere beldur ziren beraien uniformeko praka motz zuriak zenbat zikin zitzaketen, eta egindako eskaerei kasu egin die beraien taldeak. Hori dela eta, praken erdi-erdian urdinezko franja bat jarri diete, disimulatu eta erosoago ibil daitezen.