Ba niri ere antzerako zerbait gertatu zait udara honetan. Maiatzetik urrira arteko asteburu ia guztiak programatuak nituen han eta hemen erakustaldi eta txapelketekin: Zarautz, Gaztelu, Ituren, Larrondo, Elgeta, Beizama, Sopuerta, Deba, Elgoibar, Bilbo, Areatza, Zamudio, Lezo, Trapagaran, Artzentales, Ziortza-Bolibar, Leioa… Horrenbestez, ez nuen tarte handirik oporretara joateko.
Baina hara non, maiatzean gerriko minekin hasi eta berehala joango ziren esperantza izan arren, inori opa ez dizkiodan minekin pasatu dut udarako ia denborarik gehiena. Hori dela eta, programatutako erakustaldi eta txapelketak bertan behera utzi eta, fisio, osteopata eta entrenatzailearekin gorputza bere onera itzultzeko bideari ekin diot.
Gorputza eta burua konektatuta daudela diote eta nerbio sistema lasaitzeko gomendioa jaso nuen hainbat espezialistaren eskutik: oporretara joan eta deskonektatu. Horregatik, plazaz plaza ibili beharrean, azken momentuko oporrak hartzea tokatu zait eta ez dakizue zenbat eskertu ditudan. Bukatzear dagoen udara hau, nola planifikatu nuen ikusi eta nola joan den bizi ostean, argi geratu zait gauzak zerbaitegatik pasatzen direla eta planifikaziorik onena eginda ere, edozer gerta daitekeela. Askotan buruak nahi ez arren, gauzak bertan behera utzi behar direla.
Horregatik esaten dute askotan planik onenak aurrez planifikatu gabekoak direla eta a ze nolako arrazoia duen esaldi horrek.