Astiro-astiro harri txiki batekin jasoaldi batzuk egin ditut. Konturatzen naiz ez dela nire eguna, gogoa eta indarra falta zaizkidala. Gustura egongo nintzateke etxean, sutondoan. Baina aita alboan daukat "zerbait lortu nahi baduzu, entrenatu egin behar da" esanez. Honi guzti honi gehitu hileko lagun gorria iritsi berria dela. Geroz eta gogo gehiago dut sutondoan jartzeko, baina ezin da. Harria zain dago. Hasi naiz apurka-apurka hauspoa berotzen, geroz eta jasoaldi gehiago egiten. Aita ere konturatu da ez dela nire eguna eta entrenamendu txiki bat egin ostean, deskantsatzeko dio. Neure buruari gogorarazten diot egun guztiak ez direla berdinak.
Etxera joan eta sare sozialetan beste harrijasotzaile batzuk ikusten ditut denak batera entrenatzen, algaraka eta pozik. Orduan pena sentitzen dut bakarrik ari naizelako. Ni ere gustura entrenatuko nintzen taldean. Baina gero konturatzen naiz txapelketa egunean lehiatzera irteten garela. Neure buruari galdetzen diot: prest egongo nintzateke nirekin entrenatzen den beste neska baten aurka lehiatzeko? Biok norgehiagoka. Nor gehiago izan. Txapela nork eraman. Pilotari askok diote kantxan aurkari izan arren aldagelan lagun direla. Baina ezagutzen ditut batera entrenatu eta txapelketen ondorioz elkarri aurpegira begiratzen ez diotenak ere. Mundu honetan denerik dago eta txanponaren bi aldeak onartzen ikastea da lehenengo entrenamendua.