Moda

Erabiltzailearen aurpegia Karmele Gisasola Zenikazelaia 2024ko ots. 23a, 08:30

Euskaltzaindiaren arabera, 'moda' hitzaren definizioa hau litzateke: Leku, denbora edo talde jakin batean harrera oso ona duen ohitura edo joera; bereziki, janzteko molde igarokorra.

+Moda hitza da sarri herri kiroletan gabiltzan emakumeok entzuten duguna. Modan omen gaude. Baina hau da duela hilabete batzuk irratiko esatari batek hori entzun zidanean erantzun zidana: modan bazaudete iraungitze-epea duzuela esan nahi du eta badira urte batzuk herri kiroletan mutilekin batera txapelketak egiten ari zaretena. Ez bakarrik txapelketak, baita hainbat erakustaldi ere.

Eta hori egia da. Emakume batzuok hainbat gizonezkok baino erakustaldi gehiago egin ditugu. Eta ez zait batere gaizki iruditzen. Nire aitak hogei urte egin zituen harrijasotzaile eta ez zuen plaza bat bera ere emakume batekin konpartitu. Egiten ditugun erakustaldi horiei esker erakutsi dezakegu gu ere gai garela kirol mota hauek egiteko. Beste modu batean, beste pisu batzuekin, hasieran zailtasunekin (eta gerora ere bai, ez dugu gezurrik esango), baina ahal den neurrian kirola ondo egiten saiatzen gara. Saiatuz goaz aurrera. Urtez urte emakume gehiago sustatu nahian. Baina bide horretan ez da dena ederra. Atzerapausoak ere badaude. Zailtasunak daude txapelketa batzuk antolatzerako orduan, eta baliteke berandu baino lehen emakume faltagatik txapelketa batzuk ez jokatzea. 

Jende berria bilatu beharra daukagu, lanean jarraitu beharra. Eta batzuetan nekatu egiten gara. Haustuta eta hustuta sentitzen gara. Baina bizitzan etapak daude eta etapa horiei izena jartzen jakin beharra dago. Baina sinetsi nahi dut etapa hau ez dela modan gauden etapa bat.  

Hasi ziren, jarraitzen dugu eta beste batzuek jarraituko dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!