Elikadura kirolean

Askotan dena dakigulakoan egoten gara eta momentuko modei itsu-itsuan jaramon egiten diegu. Gaur egun kirolari askok mota askotako irabiatuak, barritak eta pilulak hartzen dituzte. Askok, gainera, nutrizionista baten argibiderik gabe. Uste dute kirola egiteagatik bakarrik gauza horiek hartzeak mesede egiten diela, ze ondorio izan ditzaketen jakin gabe. Baina inor gutxik usteko du ura txarra dela. Ura edan gabe entrenatuko ginateke? 

Baina bada garai bat kirolari askok ura edan gabe entrenatzen zirena. Entrenatu bakarrik ez, bizi ere bai. 

1881. urtean jaio zen Jose Aranburu Aramendi 'Keixeta'. 1920ko hamarkadako aizkolaririk onenetakoa izan zen eta adibide moduan jarriko dizuet 1924. urteko bere dieta, berak kontatua: "Goizeko zazpietan jaiki, txokolatea gosaldu eta bi orduz mendira. 9:00etan, hamarretakoa: baratxuri zopa bi arrautza-gorringorekin, 300 gramoko txuleta eta lau gorringo azukrearekin. 12:00etan, bazkaria: zopa, oilo erdia, 500 gramoko txuleta, lau arrautza eta fruta. 16:00etan merienda, hamarretakoaren berdina. 19:30etan afaria, bazkariaren berdina". 

Dieta hau irakurri ostean, bada harritu gabe geratu denik? Sasoi hartan horixe zen kirolari baten egunerokoa, eta ez zuten uste dieta hori gaizki zegoenik. Gaur egun, ordea, ezinezkotzat joko genuke. 

Denborak aurrera egin ahala, jakintza gehiago dago, gauza berri gehiago eta profesional gehiago. Pertsona batentzat ona dena, beste batentzat kaltegarria izan daiteke. Baina horretarako daude profesionalak eta horregatik egin behar dira proba ezberdinak, bakoitzari ondo egiten diona zer den jakiteko. 

Laburbilduz, kontziente izan zer hartzen ari zaren eta kontuan izan profesionalen lanak asko laguntzen duela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!