Durangok erabakitzeko eskubidea du

Heldu da momentua. Aurrerapauso bat emateko ordua dela uste dugu, tokiko demokrazian aurrera egitekoa, herritarren parte-hartzearen bidez. Durangarrek eskubidea dute euren udalerriko orainarekin eta etorkizunarekin zerikusia duten kontu garrantzitsuei buruz erabakitzeko.

Demokrazia ez da lau urterik behin botoa ematea. Kontzeptu hori iraungita dago. Gaur egun, udal politika parte-hartzean eta gardentasunean oinarritu behar da. Eta, horretarako, bitartekoak eta parte hartzeko sareak antolatu behar dira auzoetan, durangarren beharrak bideratu ahal izateko. Arlo guztietako parte-hartzeaz ari gara, ez gai zehatz batzuez soilik.

Durangarrek udal politikan zuzenean parte hartu dezaten dugu helburu, hauteskundeetan elkartuta adibidez. Horretarako, alderdietako egiturak irekiak izan behar dira. Zentzu horretan, Herriaren Eskubideak, Ahal Dugu/Podemosek eta independenteek osatutako koalizioa aitzindaria da. Izan ere, hautagaitzako kideen erdiak independenteak dira, erabakitzeko gaitasun erreala eta eraginkorra duten herritarrak. Horrek erakusten du badagoela politika egiteko beste modu bat, eta Durango beste era batean gobernatzeko beharra dagoela.

Estazioko lursailen urbanizazio proiektua adibide argia da herritarren parte-hartzea ezin garrantzitsuagoa dela erakusteko. Durangarren ekarpenik barik, proiektu honek ez du zentzurik. Durangar guztiek dute eskubidea eremu horretan zer nahi duten erabakitzeko. Aukera historikoa dugu espazio publikoa eta politikoa berreskuratzeko. Erabaki dezagun elkarrekin. Aurrera, Durango!
* Erredakzioan itzulia

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!