Gora Durango eta durangarrak!

Durangori buruz gauza asko esan daitezke. Batzuk bertan jaioak gara. Beste batzuk, berriz, gero etorri ziren. Baina denok nahi dugu Durangon bizi, zahartu eta gure seme-alabak hazten ikusi. Izan ere, toki zoragarrian gaude. Benetan ederra den bailaran, historiaz eta bizipenez beteriko alde zaharra duena. Eta zer esan dezakegu bertako jendeaz? Ba, betiere atseginak, adeitsuak, solidarioak eta abegitsuak direla.

Hainbeste gustatzen zaigunez Durango eta beti gure herriarentzako onena nahi dugunez, bertako herritarrak betebehar eta eskubideen zaindari bilakatu gara. Durangarrek biztanle hutsak izateaz haratago doan zeregina betetzen dute: errekan egindako isurketak salatzen dituzte eta baita berogailua martxan dagoela anbulategiko leihoak irekita daudenean; udaltzainei deitzen diete Zabalarra, Landako edota Ikastolako ateak itxita aurkitzen dituztenean; 24 orduko pediatria zerbitzua aldarrikatzen dute; airearen kalitate txarra salatzen dute; sinadurak jasotzen dituzte trenbideko lurren inguruko galdeketa egiteko; haur eta gazteentzako aisialdi aukerak eskatzen dituzte; auzoetako azpiegitura zaharkituak berrizteko eskaerak egiten dituzte; gure merkatu plaza historikoaren eta Ezkurdiko frontoiaren egoera tamalgarria salatzen dute...EAJk eta PSEk gidatutako gobernuaren utzikeriak eta lan faltak zerbait lortu badu, durangarrak mugiaraztea izan da, haien kudeaketaren hutsuneak betetzen dituztelarik.

Durangok zerbait hobea merezi du eta bere herritarrei esker lortuko du. Denon artean egingo dugu.

Gora durangarrak!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!