Udal espiritua

Udal eremuak gunerik aproposenak dira benetako demokrazia parte-hartzaile eta zuzen baten prozesua aurrera eramateko. Kanpora begirako demokrazia bat, herritarren proposamen eta eskaerak islatzen dituena eta hauteskundeetako programak betetzen dituena, baina zintzotasunetik eta benetako konpromisotik, eta ez orain arteko marketing politikotik eta hauteskundeen aurreko eroalditik. Bestalde, barrura begirako demokrazia bat, kandidaturen egitura prozesu demokratiko, garden eta irekien bidez ahalbidetzen duena eta udalaren erabakitzeko esparruak   errespetatzen dituena, inongo injerentziarik barik.

Udal ordezkari moduan, kalean egoteko derrigorra dugu, eta gure kaleen errealitatea bertatik bertara ezagutu beharra daukagu. Instituzioetako pulpitutik gobernatzeak errealitatetik urruntzen gaitu, eta, horrela, herritarren beharrizanen ikuspegia galduko dugu.    
Politika zaharraren ondorioz, alderdi politikoak interes-talde eta kolokazio-agentzia bihurtu ziren, eta, kasu batzuetan, baita multinazional ere. Espiritu horrekin, deslokalizatu egin dituzte erabaki-hartzeak. Hau da, Durangoren beharrizanetarako erabakiak ez dira jada hemen hartzen, herritarren interesekin zerikusirik ez duten beste leku batzuetan baizik. Horrek, esaterako, nabarmen uzten du "trilerismo politikoaren" praktika trenaren lursailen etorkizunari dagokionez. Ez da kontuan hartzen herritarrek nahi dutena, lursail horiekin negozioa egin gura dutenen interesa baizik.  

Ea behingoz udal espiritua gailentzen den Durangon, eta ez inposizioaren espiritua. Benetako parte-hartzea behar dugu, Durangoren eta durangarren interes orokorra lehenesten duena beti.
*Erredakzioan itzulia

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!