2017tik daramagu gaia kaleratzen, eta gaur egun durangarren ardurarik handienetakoa da. Nola ez da, ba, izango, pertsonengan kalterik handiena eragiten duena izanik!
Estatu espainolean 30.000 lagun hiltzen dira urtean aire kalitate txarrarengatik. 400.000 Europan, eta guk airerik txarrenetakoa dugu Durangon. Ez diogu guk, Madrilgo Epidemiologiaren Zentro Nazionaleko bost ikertzailek egindako ikerketa batek baizik. Asteon, Espainiako presidenteak ere esan du.
Ingurumenaren Ministerioak Emisioen eta Iturri Kutsatzaileen Estatuko Erregistroan dioenez, hauxe daukagu Durangon: amoniakoa, bentzenoa, hidrogeno zianuroa, metanoa, sufre-oxidoak, kloroa eta konposatu organikoak, karbono dioxidoa, kadmioa, karbono monoxidoa, oxido nitrosoa, nitrogeno oxidoak. Enpresa batzuek isuritako emisioak baino ez dira horiek. Horiez gain, trafikoa, mendian egiten diren suak (sasitza, zuhaitz mozketak eta abar) eta gure berogailuak ere kontuan hartu behar. Baita gure orografia ere, ezinezko egiten baitu kutsadura hori guztia gure bailaratik kanporatzea.
Lagun aditu batek esperimentu bat egiteko proposatu digu: Ingurumen Ministeriora deitu —hala egin dugu guk—, eta galdetu telefonoa hartzen duen teknikariari ea Durango aukeratuko zuen bizitzeko. Erantzuna ez da zuen gogokoa izango.
Baina gu eta gure familiak hemen bizi gara, eta borrokatu egin behar dugu arnasten dugun airea ona izan dadin.
* Erredakzioan itzulia