Politikak anestesiatuta eduki du jendea, eta ez dio utzi neurri antisozialei eta neoliberalei aurre egiten. 2011ko abuztuaren 23an, maltzurkeriaz eta azpikeriaz, PPk eta PSOEk konstituzio sakrosantua aldatu zuten korrika eta presaka, “zor publikoa izan zedin ordaindu beharreko lehenengo gastua, Estatuaren beste ezein gasturen aurretik aurrekontu orokorretan, zuzenketa edo aldaketetarako aukerarik eman gabe”.
Urteak igaro dira eta herritarrak antolatu egin dira. Mugimendu eragilea zena alderdi politiko bihurtu da politika basati hauei aurre egiteko eta beste eredu bat posible dela erakusteko.
2015ean udal hauteskundeak izan ziren eta udal askotan aldaketa etorri zen. Horrek erakutsi zuen jende xumea aparteko gauzak egiteko gai dela.
Durangaldean Amankomunazgoaren kudeaketa aldatzea lortu genuen. Eredu serio eta eraginkorra dugu harrezkero, eta denok hartzen dugu parte.
Mugimendu sozialak eztanda egin duela ikusi dugu aurten: Martxoaren 8ko greba historikoa, pentsiodunen mobilizazioak eta abar. Durangon ere zenbait plataforma sozial, estatiko izateari utzita, dinamiko bihurtu dira. Parte hartzea, ahalduntzea eta gardentasuna ziren gure helburuak kandidatura moduan aurkeztu ginenean, eta helburu horiek finkatu egin dira Durangon. Jarrai dezagun.
*Erredakzioan itzulia