‘Astelehenak eguzkipean’

Erabiltzailearen aurpegia Julian Rios Santiago (SQ-2D) 2018ko ots. 24a, 08:30

 Hauek ez dira Fernando León Aranoaren Astelehenak eguzkipean, astelehenak euripean baizik. Beste behin ere, errealitateak erakutsi digu fikzioa gainditu duela, eta jubilatuek kalera irten behar izan dute beraien eskubideak eta atzetik gatozenonak defendatzeko.

Madrilen gobernatzen dutenek, gobernatzen laguntzen dietenek eta hemendik aurrekontuak onartzen laguntzen dietenek pentsioak eguneratzeko sistema oparitu ziguten 2013an, helburu argi honekin: pentsioetan gastu gutxiago izatea.        

Hori lortzeko, sistema aldatu dute, pentsioak bizitzaren neurrian igo ez daitezen. 2018an %0,25 igo dira pentsioak, baina argia %10 igo da, KPIa %1,2, eta gasa %6,6. Eta gasaren fakturak Castor plataformaren 96 milioi euroko indemnizazioa izango du barne, Auzitegi Konstituzionalak ilegaltzat jo bazuen ere. 

Hori gutxi ez, eta M. Rajoyk aholku bat eman digu: “Aurreztu pentsio-plan eta pentsio-funtsetan”. Hau da, gero eta baxuagoak diren soldaten parte bat pentsio-plan pribatuetan inbertitzeko diosku, berriro ere bankuen mesederako.

Egoera horri egin behar diote aurre bizi osoa lanean eman duten gizon eta emakumeek, lan eskubideak defendatzen borrokatu ziren pertsonek, pentsio duin bat lortzeko soldataren parte bat kotizatzen egon direnek, edo kotizatu ezin izan dutenek euren lana ez delako errekonozitua izan.

Nahikoa jo digute adarra gobernuak eta haien laguntzaileek. Pentsio duinak eskubide bat dira, eta ez karitatea.

*Erredakzioan itzulia

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!