Hiru urte zain

2015ean Durangoko emakume batek umeentzako jolasgune estaliak eskatu zituen. Horretarako, datu hauek eman zituen: urtean 180 egunetan euria egiten du, eta udalerrian erroldatutako 3.931 haurrek ez daukate nora jo eguraldi txarra egiten duenean. Change.org bidez sinadurak eskatu, eta mordoa jaso zituen.

Hauxe ere esaten zuen idatzian: herrian hamaika haur parke egon arren, ikastetxeetakoak eta Tabirako igerilekuetakoak ez daude beti erabiltzeko moduan. Beraz, 12 urte arteko ia 4.000 haur horiek gainerako zortzi parkeetan banatu behar dira. Horri gehitu behar zaio parkeetako batzuk ez daudela ondo.

Bada, kontuak buelta asko eman ditu. Alde batetik, haur parkeetako bi ziren estaltzekoak: Zabalarra eta Landako ikastetxeetakoak. Sarbide eta ordutegi arazoak bazeuden ere, arrazoi nagusi bat zegoen horiek estaltzeko: ikastetxeetakoak estaliz gero, aukera zegoen Eusko Jaurlaritzak gastuaren %60 ordaintzeko. Azkenean, ikastetxe batekoa baino ez da estali, eta, gainera,  Eusko Jaurlaritzatik diru-laguntzarik jaso barik.  Udalak ordaindu du guztia.

Hiru urte geroago, ia haur parke bat dugu estalita, eta parke horretako eta beste batzuetako zorua zein txin-txaunak hondatuta daude. Azkenean, haur asko jolasteko aukerarik barik geratu dira, gurasoak jolasgune gehiagoren zain eta ikastetxea desengainua hartuta, emaitza ez delako izan eurek nahi zutena.
*Erredakzioan itzulia

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!