Errolda bat da katastroa, Aldundiak ondasunen inbentarioa egiten duena, bere ezaugarri eta prezioekin. Garrantzitsua da, balio hori oinarri gisa erabiltzen baita zenbait zergaren zenbatekoa kalkulatzeko: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) eta udalak kobratzen duen plusbalioa.
Burbuila garaian eraikuntzak sortutako diru-sarrerak nabarmen jaitsi dira, eta behea jota gelditu da udaleko diru-kutxa azken urteetan. Ondorioz, diru-sarrerak hobetzeko tentazio bihurtu da OHZa.
Etxebizitza duina eta egokia izateko Eskubide Unibertsala jasota dago Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, 25. artikuluan. Baita konstituzio askotan eta Eusko Jaurlaritzan onartu berri den Etxebizitza Legean ere.
Hauxe orain egin beharreko galdera: zergatik igo dute hainbeste oinarrizko ondasun hau, are gehiago lehen etxebizitza izanik? Ez litzateke hobe izango erreforma fiskal progresiboa eta berbanatzailea egitea, jendearen gerrikoa estutu beharrean?
Hobe gogoeta hori egin, beste hau esan beharrean: “dena ondo doa”, edo “oasi zoragarri honetan ez da ezer gertatzen, ez murrizketarik, ez multinazionalen eraginik”.