Bizi naizen herria alegrantziaz eta bizitasunez jantzita dago, denden eta ostalaritzaren ekarpenagatik, neurri batean. Baina, alegrantzia hori tristura bihur liteke kaleak hutsik, pertsianak jaitsita edo lokalak bertan behera utzita ikusitakoan, eta arratoiak bizitasunaz jabetu direla ohartutakoan. Baina hori ez da berez gertatzen. Zerbaitek eragiten du, eta badaude horren arduradunak: azalera, transnazional eta produkzio-kate handien alde egiten duten politikak. Gure herrientzat hori nahi dugun galdetu behar diogu geure buruari, eta ohartu behar dugu asko egin dezakegula hori ez gertatzeko. Eta, zer egin dezakegu galdu nahi ez dugun alegrantzia horri eusteko? Datozen egunetan, asko. Gure esku dago non erosi eta nora irten lagun eta senideekin. Beraz, gure esku dago, goizero, ilusioz beterik, pertsiana igotzen duen merkatari txiki edo autonomoari laguntzea, zeinak arreta handiz tratatzen dituen bezeroak, eta zeinak bizitasuna eta alegrantzia ematen dizkien gure kaleei. Gabonetan, jar dezagun helburu bat: eros dezagun herriko denda txikietan, kale kantoiko gozotegian, harategian. Eros diezaiegun herriko autonomoei, artisauei. Gastatu dezagun dirua gure auzokoaren dendan, auzotar horrek ematen baitio bizitasuna herriari, egunerokoan. Doala gure dirua auzokoaren poltsiko txikira, eta ez multinazionalen zaku handira. Denda txikiak dira gure bizitasuna.
* Erredakzioan itzulia