Baina hemen dago Herriaren Eskubidea, Durangoko egoera politikoan hiru zinegotzirekin eta 1.842 botorekin indarrez sartu den hautagaitza herritarra. Politika ilusioz eta gogoz egin nahi duten herritarrak, politika egiteko beste modu bat bultzatu nahi dutenak. Maiatzaren 24ko hauteskundeek agertoki ezin hobea utzi zuten politika berri integratzaile, parte-hartzaile eta garden baterako, eta, inbestidura saioan alkateak eginiko etorkizun handiko hitzaldiaren ostean, bazirudien posible izango zela, baina beldur naiz ez ote den aukera galdu bat izango hori ere. Hitzaldi horretatik sei egunera, hedabideen bitartez jakin genuen udala biren artean banatu zutela. Alderdi guztiekin izaniko lehen bileran, suposatzen da, besteak beste, batzordeak sortzea eta horien osaketa direla berbagai. Hori da Durangon nahi dugun politika? Hori al da kontuan izatea herritarrek hautetsontzien bidez transmititu dutena? Hori da guztiei entzutea eta guztiekin negoziatzea? Herritar gisa huts egin didate, eta elkarrizketak guztiok izan ditzagula eskatzen dut. Erregenerazio politikoa orain!