Gonbitea

Erabiltzailearen aurpegia Jorge Varela Dorrio 2023ko urr. 13a, 08:30

Hemen dira, beste behin, San Fausto Jaiak. Konfinamendu ondoko 2.ak, hain zuzen ere. Jairik gabeko 2020 tristearen eta 2021eko “Ez Jaien” ostean, gogoz hartu genituen kaleak. Aurten, jai giroan pasatutako uda amaiezin honen bukaeran, gurekin dira egutegiko azken jaiak. Gureak, hain justu. Egia da uztaileko eta abuztuko jai herrikoiek badutela bere xarma. Inbidia ere sentitzen dugu durangarrok inguruko herritarrek udan ospatzen dituztelako. Baina onartu beharra dago, beste guztiei jai giroa ahaztu eta Gabonetara begira daudenean, San Faustoak ospatzeak kriston poza ematen digula.

Ohikoa da jaiak iristen direnean, eta bereziki, hasiera ematen dioten ekitaldian, herritarrei ondo pasatzeko eskatzea. Eguneroko betebehar eta buruko minak alboratuz festa giro alaian murgiltzeko gonbitea egiteko ohitura dago. Oraingo honetan, beste zerbaitetara ere animatu nahi zaituztet. Ingurukoei begiratzea eskatuko dizuet. Zuek ondo pasatzeaz gain, albokoek ere jai giro ederra izateaz arduratu zaitezten. Ez ezazue inoren espaziorik inbaditu; ez ukitu inor baimenik gabe; ez inor iraindu, jazarri edo bortxatu. Arazoak dituen norbaitekin topo eginez gero, ez albo batera begiratu; eskainiozue laguntza. Jaiak urtero egongo dira. Parranda andana egiteko aukera urte osoan zehar. Baina egun bateko zure jarrera eta ekintzek, puntualak badira ere, betirako aldatu dezakete besteon bizitza. Bai onerako, bai txarrerako. Bidali dezagun, beraz, indibidualismoa pikutara eta izan gaitezen taxuzko izaki sozialak. Egin ditzagun komunitatea eta herria.

Besarkada handi bat!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!