Banderak

Erabiltzailearen aurpegia JonAnder Ramos 2017ko ira. 22a, 08:30

Konturatu orduko oporrak igaro eta eskola atarian bueltan gaude berriro ere. Udarako lanak eginda edo egin gabe, hoberena bueltan egotea baita. Opor osteko balizko krisialdiarekin batera bizitakoarekin oroitzapenak, besterik ez. Eta ariketa hori egiten harrapatu nau zutabe honek.

Katalunian zehar, herri txiki zein hiri handietan, leihoetako banderek bereganatu dute nire arreta: tamaina eta era guztietako senyerak non-nahi. Oztopo guztien gainetik aurrera doan herri baten seinale.

Banderez, nortasunaz edota eskubideez ari garen honetan, burura datorkit oporraldiaren azken etapa. Karreristen unibertsoan nortasunaz hausnartzeko keinu bat ere bizi izan dut: jatorri amerikarra duen talde batek gure historiari errepasoa egiteko beta eskaintzen digu. Ikurrinaren jatorriaz ari naiz. Euskaldunen ikur bilakatuko zen bandera ez zen Euskal Herrian sortu, baizik eta Amerikan erroturik zegoen euskal kolektiboak bultzaturik. Horrela sortu zen gure lehen bandera, 1881. urtean. Harrezkeroztik, denbora dezente pasatu arren, XXI. mendean euskal nortasunari bere lekua egin zaio txirrindularien munduan. Eta horretan, amerikanuak berriro ere aitzindari, Trek-Segafredoko autobusean ikurrina ikusgai. Beste hainbat nazionalitateekin batera, ziklista euskaldunek beren koloreak ondoan (autobusean zein maillotean).

Hori dira azken finean, kolore desberdineko zapiak, anitzak bezain garrantzitsuak, bakoitzak berea. Kanpokoak zein bertakoak errespetuz bizi eta onartu beharreko banderak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!