Kajoian

Erabiltzailearen aurpegia JonAnder Ramos 2017ko mai. 19a, 08:30

Bertan gordetzen ditugu era guztietako paperak edota objektuak, sarri zer egin ez dakigun horietan edo horiekin hartzen dugun erabakia. Historiagileok ere maiz halako kajoietan gordeta aurkitu izan ditugu gure iraganaren pasarteak. Zenbat bider [historian] kajoian gordeta gelditu izan diren hamaika istorio. Jostunen antzera de-sastre!

Horren adibide dugu gerra zibila. Ditxosozko memoria historikoa (batzuentzat), gordeta egon dena (eta batzuek kajoian jarraitzea nahiko luketena) hamarkada luzez (eta ilunak). 2007az geroztik, oroimenaren legearen babesean aurrerapauso itzelak eman dira; dena den, oraindik ere asko dago egiteko, eta garrantzitsuena, gertatutakoa gizarteratzea.

Hilabete eta erdi baino gehiago pasatu dira gogoratua den martxoak 31ko bonbardaketaz, baina data hori pasatuta, erraz asko ixten dugu kajoia. Hurrengora arte! (datorrena, 81.a). Data borobilez eta lehen lerroko gertaerez bete izan dugu gure historia.

Oraingo honetan kajoia irekitzera nator: datorren asteartean 80 urte betetzen dira-eta Izurtza eta Mañaria bonbardatu eta okupatu zituztela.

1937ko maiatzaren 22an Bizkaia konkistatzeko asmoarekin jarraitu zuten faxistek, gogotsu jardun ere Mañariko eta Izurtzako frontearen kontra. Aire erasoarekin batera, militarrek zenbait frontetatik jo zuten erasoa, bi herri hauen kontrola bermatuz hurrengo egunean. Erresistentzia amaituz. Nazionalen eskuetan, 309 egun igaro eta gero, gerra zibila eta honen ondorioz bizi izandako hamaika bonbardaketak amaitu egin ziren gurean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!