Euskara

Erabiltzailearen aurpegia JonAnder Ramos 2017ko urt. 13a, 08:36

Zaindu maite duzun hori, dio Ruper-en abestiak. Eta hala ikasi nuen orain urte batzuk ama hizkuntza ez nuen euskaran “gaitasuna” edo abilezia hartzea erabaki nuenean. Bai, euskaltegitik pasatua naiz ni. Baina ez sufritu duen horietakoa, kontrakoa baizik: euskara maitatzen ikasi zuenetarikoa.

Ez nator gaurkoan euskararen balioaz mintzatzera, euskararen munduan behin eta berriz izorratzen duten horiez berba egitera baizik. Urquijoz ez dut ezer esango (bejondeiola!), gaizki pentsatuak ez izan, baina politika adibiderik onena ez dela agerikoa da, ikusi Legebiltzarra, bestela. 80 urte pasatu dira lehen euskal gobernutik, baina euskararen alorrean batzuek Platonen haitzuloan dihardute oraindik. Legebiltzarkidea izateko ez da inongo gaitasunik frogatu behar, hizkuntzakoa ez behintzat. Pentsa, orain urte batzuk Lehendakari “ez gaitua” izan genuen eta.

Baina ez dugu Gasteizera salto egin behar, gurean euskarak pairatzen dituenak ere ugariak dira. Azken aldian gertu sentitu dut hori. Euskaldun berria izateko ahaleginak egiten dabilena, egunerokotasunean euskara erabiltzen saiatzen den hori, Durangoko Udalera, kostata, baina oharra euskaraz igorri eta beste aldetik gaztelania hutsean erantzuna jaso. Hiztegia hartu eta egoera surrealista hori definituko zuen hitza topatzen hasi zen. Laguntzarekin, eta euskarari minutu batzuk eskainiz, bat baino gehiago topatu genituen: lotsagarri, ahalkegarri edota ahalketzaile. Zein aukeratu ez dit axola, bai ordea udalaren jarrera euskararekiko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!