Oporretatik bueltan sortzen den opor osteko ditxosozko sindromearen efektuak pasa orduko, lehen jaiegunarekin topo egin genuen batzuek, azken momentuan eta konturatu gabe: urriak 7. Zergatik jaieguna aurten? Bati baino gehiagori entzundako galdera, hori. Aurten bakarrik ospatu(ko) duguna. Lehendakari Agirrek lehen euskal gobernua martxan jarri zeneko urteurrena, borobila honako hau ere, 80 urte. “Kontxo, nire kaleari izena eman zionak oraingoan egutegian ere bilatu du bere lekutxoa”, erantzun zuen besteak.
Lehendakariak, lehena bai, izandako nondik-norakoak euskal telebistan emandako dokumentalarekin gora etabehera geunden horretan: urriaren 12koa. Tira, Espainia erdipurdi dabilen honetan, Hispanitatea ospatu behar, betiko lez. Eta honek bai, hizketaldi bat baino gehiago eragin ditu, kolore guztikoak, gurean zein bestean, guztietan, alegia.
Baina horretaz beste batean arituko naiz, hurrengo egunera ailegatu nahi dut eta: urriak 13. San Fausto. Durangarrok, eztabaidak alde batera utzita, festan murgiltzeko prest. Programazio anitza, gustu eta adin guztietarako egina, denontzat kabida eta giroan-giro erasotzaileei estanpida!