Hausnarketa

Erabiltzailearen aurpegia JonAnder Ramos 2016ko ira. 23a, 08:30

Lerro hauek irakurtzean dagoeneko ia murgildurik aurkituko gara hausnarketa egunean. Hurrengo lau urteetan EAE gidatuko duen Lehendakaria aukeratu behar baitugu domekan. Baina gaur ez naiz hauteskundeez arituko, noizbehinka historia zipriztintzen dituzten urteurrenez baizik.

Oraingo honetan memoria historikoa deritzonarekin bueltan nator. Urteurrena borobila oraingo honetan, 80 urte. Zortzi hamarkada faxistek burutu zuten altxamendutik, baita Andikona plazan bizitako sufrikarioaz, eta domekan laurogei urte Durangok pairatu zuen lehendabiziko bonbardaketaz. Bost bonbardaketa horietatik lehena, alegia.

Intxortan, Gipuzkoako mugan kokaturik lerroa, Durangaldea helburu. Bilbo zerumugan. Gerrako lehen hilabeteak pasata, baita lehendabiziko sarraskiak ere. Otxandioko bonbardaketa akorduan. Gipuzkoatik ihes hainbat miliziano, Durangaldeko herriek besoak zabalik hartu zituzten.

1936ko irailaren 25ean Gasteiz ingurutik lau hegazkinek izan zuten Durango jomuga, frontea eta Bilbo arteko lotura apurtu nahian. Lau bonba jaurti zituzten, eta horietako bat Ezkurdiko frontoian erori zen, 12 hildako eraginez. Hortaz aparte, Ermodoko kartzelan zeuden 22 preso, altxamenduaren aldekoak izatea egotzita, epaiketarik gabe fusilatuak izan ziren. Hortik aurrera, herria guztiz banaturik gelditu zen, hilabete batzuk geroago etorriko zena imajinatu ezinik. 80 urte igaro dira, eta goiz hartan gertaturikoa apenas da ezaguna herrian. Gure historia zaindu guran, deskuidoan lagatzen dugu pasarteren bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!