Pipistrelli

Erabiltzailearen aurpegia JonAnder Ramos 2016ko api. 1a, 08:30

Saguzarra… Kurutziaga, Andramari, Ezkurdi, Geltoki, Montoi… ez gara gure inguruko kale izenez ari, jomuga izan ziren lekuez baizik. Atzoko egunez, martxoak 31, orain dela 79 urte Soriatik abiatutako hegazkin italiarrek Durangaldea izan zuten helburu.

Goizean goiz Bizkaiko atea zabaltzeko prest agertu ziren. Eguzkia atzean, kanpandorrea aurrean, errepideari eta ibaiari jarraituz, herria alde batetik bestera zeharkatzeko prest. Alarmak, jendetza, merkatua, meza… hegazkinak, bonbak, suntsiketa, ikara, beldurra… Dozenaka bonba, ehunka hildako.

Orain dela aste batzuk, Gogora institutuaren eskutik atzera begiratzeko beta izan genuen, Ezkurdin kokaturiko Memoriaren plazan. Gogorak han jasotako testigantzak, hunkigarriak benetan. Kasu honetan, Gerediagak alboetara begira jartzen gaitu, bonbardaketen eraginez Durangoko eraikinetan oraindik ikusgai dauden zulotxo horiek ikusteko, aztarnak alegia.

Aztarnak deituriko ibilbidea egiteko aukera izango dugu asteburu honetan ere, 79 urte igaro diren honetan. Kurutzesantutik abiatuta, Komentukaletik barrena, Alde Zaharretik Ezkurdira ailegatuko gara, Etxezarretatik zehar Nevers ingurura heltzeko. Kurutzea, komentuak, etxeak, basilika, frontoia, ospitalea eta kartzela.

Baina, bonbardaketa eta gerraren krudeltasuna ez zituen bakarrik Durangok pairatu, inguruko herriek ere euren aztarnak dituzte. Berrizko alkatearen fusilamendua, egun bereko Elorrioko bonbardaketa, Otxandioko lehen kolpea, Saibi “mendi odoltsua” edota Mañariko erresistentzia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!