Bost urte igaro dira dagoeneko haur-parke estali bat eskatzen hasi ginenetik. Eskaera hura familien erreklamazio historikoa zen, eta PSEko kideok argi geneukan Udal Gobernuan egongo bagina, proiektua bultzatuko genuela. Hori bera egin dugu. Aste honetan, azkenean, estalkia duen udalerriko lehen haur-parkea ireki dugu.
Eraikitakoa ez da 300m2-ko estalki hutsa; izan ere, jolas-gunea eraberritu da; hots, jolas-elementu berriak instalatu dira, lurzoru osoa berritu da eta argiztapen eta banku berriak jarri ditugu. Obraren kostua 244.000 eurokoa izan da (+ BEZ; guztira, 300.000€ ingurukoa). Gauzak horrela, urte osoan zehar, eta bereziki euria egiten duenean, txikiek parke berriaz gozatu ahal izango dute. Gure asmoa beti izango da herritarrak entzutea eta bideragarriak diren proiektuak aurrera eramatea.