Etsaia beste bat da

Erabiltzailearen aurpegia Jesica Ruiz 2026ko martxoaren 13a

Martxoaren 8an berriro irten ginen kalera. Durangon, aurten nahiko jende batu ginen, izan daiteke mugimendu antifeminista baten goraldian gaudelako gaur egun, diskurtso erreakzionario eta misoginoetan adierazten dena. Narratiba horiek oinarrizko konkistak zalantzan jartzea, nahasmendua sortzea eta indarkeria matxistaren existentzia deslegitimatzea bilatzen dute.

Berdintasunaren defentsa ez da aukera bat, ezta ideologia bat ere: giza eskubide unibertsala da, aitortua eta babestua. Ozen eta garbi esaten dugu berdintasunik gabe ez dagoela erabateko demokraziarik, eta indarkeria matxista desagerrarazi gabe ez dagoela guztiontzako askatasunik.

Horren aurrean elkarturik egon behar dugu, berdin dio ordezkatzen ditugun siglak, zein elkartekoak garen; jakina, gauza batzuetan ez gatoz bat, baina fronte komun batean elkartu behar dugu, gure etsaiak dira berriro isildu nahi gaituztenak, berdintasun-politikak ezabatu nahi dituztenak. Horretan guztian, mugimendu feministak, erakundeak eta legeak funtsezkoak dira.

Egon gaitezen batuta eta elkartuta, irmo lortutako eskubideak defendatzeko eta atzerapausorik gabe berdintasun erreal eta eraginkorrerantz aurrera egiten jarraitzeko. Argi izan behar dugu nor den etsaia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!