Familiek aspalditik jakinarazi digute arazoak izaten dituztela eskolak hasi aurretik seme-alabak zaindu ahal izateko. Hori dela eta, aurten, lehen aldiz, haur eta gazteen sailetik udaleku bat jarriko dugu martxan irailean. Nola funtzionatzen duen ikusteko proba bat egingo dugu: 80 plazako udaleku artistiko bat izango da, 3 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzendua. Bost egunez Durango ezagutuko dute kulturaren ikuspuntutik: Museoa, San Agustin antzokia, Bizenta Mogel liburutegia, Zugaza zinema… eta Plateruenan amaituko dute azken eguna.
Espero dugu txikienek gozatzea eta, aldi berean, kulturaren munduan murgiltzea. Horrez gain, gure helburua da aste horretan familien kontziliazioa eramangarriagoa izatea.
Gure ustez, hori da udalak herritarren beharrak entzun, landu eta irtenbidea emateko modua. Gogoratu, aurten lehen aldiz, iraileko udalekuak Durangon.