Berdintasun Sailetik egun honen inguruko programazioa emakume sortzaileengan zentratu nahi izan dugu, orain arte kolektibo hau ez baita erdigunean egon. Horretarako, bertso saioa, abesti feministen lehiaketa eta emakumeek idatzitako arte-liburuen aurkezpenak izango ditugu, lilakrosa eta mugimendu feministak antolatutako manifestazioaz gain. Gainera, laster urtebete beteko da Indarkeria Unitatea martxan jarri genuenetik. Unitate horretan hainbat arlotan lan egin da, baina bertan egindakoak beste une batean kontatuko dizkizuet. Gainera, otsaileko osoko bilkuran indarkeria matxistari buruzko adierazpen instituzional bat onartu genuen. Bertan, Ertzaintzaren eta udaltzaingoaren eta Indarkeria Unitatearen arteko lankidetza handiagoa eskatzen genuen. Alderdi sozialistaren ustez, alderdi politiko guztiak ados bagaude indarkeria matxista onartezina dela eta bere alderdi guztietan gaitzesten badugu, batzen gaituen horretan bat egin behar genuke, eta aurrekoan horrela izan zen, alderdi politiko guztiek adostutako mozio bat lortu baikenuen. Nik argi daukat: denak batera askoz hobeto.