Gainera, berdintasun zinegotzia izanda, lehen asteburu honetan eraso matxistaren telefonoak jo ez izanak oso albiste ontzat hartzen dut. Tristea da telefono hau jarri behar izatea.
Aurten, 160 jarduera antolatu ditugu. Guztiek lan handia dute atzean, isileko lan hori, udaleko Kultura taldearena, udaltzaingoarena, Ertzaintzarena, garbiketako langileena, aurreko hileetan laguntzen egon direnena, jai batzordeko pertsonena, eta, nola ez, auzoko elkarteena, gure laguntzarekin auzoetako jarduerak antolatzeaz arduratzen direnak. Eta ahaztu gabe Gurutze Gorria, ekitaldi guztietan dagoena, zerbait gertatzen denean erantzun egiten duena.
Goazen bigarren asteburuaren bila! Mozorrotu, gozatu, errespetatu, eta Patxikotxu agurtu. Eta bai, gogoratu, hain gustuko dituzuen jarduera horietako bakoitzaren atzean jende asko dagoela lanean.
Hain garrantzitsua den eta askotan ahaztu egiten zaigun atzeko lan horrengatik..., eskerrik asko guztioi.