Tokiko merkataritzaren aldeko apustua

Erabiltzailearen aurpegia Jesica Ruiz 2024ko uzt. 5a, 08:30

Duela pare bat aste amaitu da aurtengo merkataritza-bonuen lehen kanpaina, eta bigarrena udazkenean izango da. Bertan 10.000 bonu jarri ziren salgai (9.937 saldu ziren), Durangoko 135 dendatan trukatu direnak. Horrelako kanpainak laguntza txiki bat dira tokiko merkataritzarentzat.

Joan den astean bertoko ostalaritzako gida bat ere aurkeztu genuen (Yum yum) eta Durangoko 23 establezimenduk parte hartu dute. Gida osoa 4 hizkuntzatan dago: gaztelania, euskara, ingelesa eta frantsesa. Bertan, establezimendu bakoitzaren espezialitateak eta prezioa aurkituko ditugu. Jakin badakigu bisitatzen gaituzten turista gehienak Madrilgoak, Kataluniakoak eta Andaluziakoak direla, freskuraren bila etortzen hasi direnak, eta gero frantsesak eta ingelesak daude; horregatik aukeratu dira hizkuntza horiek.

Egia da, halaber, azkenaldian betiko saltokiak pertsiana jaisten ari direla ikusten ari garela, errelebo faltagatik, eta hori oso kezkagarria da. Durangon, merkatarien elkarte oso garrantzitsu eta indartsu bat dugu, urtean zehar jarduera asko egiten dituena eta merkataritza dinamizatzen duena, baina gu guztion laguntza ere behar duena. Tokiko merkataritzaren alde egin behar dugu, ezagutzen ditugun pertsonak direlako, eskaintzen diguten produktuen kalitateagatik, hurbileko tratuagatik….

Esan ohi dute ez zarela daukazunaz jabetzen galtzen duzun arte, baina espero dezagun ez dadila izan gure tokiko saltokien kasua. Babestu ditzagun guztiok!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!