Hitzetatik ekintzetara

Erabiltzailearen aurpegia Jesica Ruiz 2024ko mar. 15a, 08:30

Joan den martxoaren 8an, berriz ere, emakumeok kalera atera ginen gure eskubideak defendatzera eta berradieraztera. Aurten, gainera, Andraguneak 15 urte bete ditu. Beste behin ere, zaintzak erdigunean jartzea aldarrikatu dugu, oso lan feminizatuak baitira.

Udalak ez du eskumen askorik arlo honetan, baina Durangotik lanean ari gara hori hobetzeko. Hona hemen adibide argi bat: Durangoko Udalak lehen aldiz eskainiko du mendekotasuna duten pertsonei gizarte erakundeetan gizarte eta osasun arreta emateko ikastaroa, profesionaltasun-ziurtagiria lortu nahi dutenentzat. Ikastaroaren helburua da parte hartzaileei eskatzen zaizkien ezagutzak ematea, prozeduraren bidez, gaitasunak egiaztatuz eta ziurtagiria lortuz.

Ikastaroa gizarte eta osasun arloan mendekotasuna duten pertsonei arreta ematen ikasteko izango da, bai eta haien autonomia pertsonala eta ingurunearekiko harremanak mantendu eta hobetzeko prozedurak aztertzeko ere.

Programa hau etxeko zaintza partikularren sektorean profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko dituzten arazoei erantzuteko sortu da. Hori dela eta, helburua da bide ez-formalaren bidez lortzen laguntzea, enplegagarritasuna eta ematen dituzten zerbitzuen kalitatea hobetzeko tresna gisa.

Lehen aldi honetan 12 plazako muga egon da eta 50 izen-emate inguru jaso ditugu. Horien %90 emakumeak izan dira. Horrek adierazten du ikastaro hau beharrezkoa dela eta gehiago egin beharko ditugula.

Hau bai dela hitzetatik ekintzetara igarotzeko adibide garbia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!