Bizi-itxaropena gero eta handiagoa da, eta oraindik ere gizarteari laguntzeko gogo handia dute nagusiek. Udaletik jarduera asko antolatzen dira haientzat, hainbat tailer eta kurtso adinekoen zentroan, arreta psikosozialeko tailerrak hainbat auzotan, “Dantzaz dantza” Landakon igandeetan edo ibilaldi osasungarriak astero.
Baina zorra dugu haiekin: adinekoen zentro edo egoitza duin bat. Nahiz eta instalazioak nahiko ondo dauden, zentrora sartzeko zeharkatu behar den tunel iluna, igo ahal izateko etengabe hondatzen den igogailua edo terraza bat ere ez duen kafetegia ez dut uste guk eskain diezaiekegun gauzarik onena denik. Askori adinekoen zentro bat izateak bizitza hobetzen die, izan ere, esperientziak partekatzen dituzte beste pertsona batzuekin, harremanak izaten dituzte, bakardadea alde batera uzten dute...
Esaerak dioen bezala, ez zara konturatzen daukazun horren balioaz galtzen duzun arte. Beraz, jabetu gaitezen haiek direla gure benetako altxorra. Eta ez dugu inoiz ahaztu behar, izan zirelako gara.