Jaiak datoz

Erabiltzailearen aurpegia Jesica Ruiz 2023ko urr. 6a, 08:25

Egun gutxi falta zaizkigu aurtengo jaiak hasteko. Dakizuenez, aurtengo txupinero handiak Mugarra triatloikoak izango dira eta txupinero txikiak, berriz, Kurutziaga ikastolakoak. Biak ere jai batzordean aukeratuak izan dira.

Aurten segurtasun-neurri berriak ezarri behar izan ditugu urriaren 12ko txupinazo handian eta, horregatik, udaletxeko plazaren edukiera mugatu behar izan dugu. Guztira 6.000 pertsona sartu ahal izango dira eta 11:30ean hasiko dira plazarako sarrerak kontrolatzen. Jendeak txupinazoaz goza dezan, pantaila bat jarriko dugu Santa Ana plazan, eta euria eginez gero, berriz, Ezkurdiko eszenatokian. Ikus dezagun nola doan aurten. Txupinazoa lekuz aldatu aurretik aukera hau probatu beharra zegoela uste dugu, baina argi daukagu, lehenengo gauza segurtasuna izan behar dela beti. Aurten gainera, txupinazo inklusiboagoa izan dadin, zeinu-hizkuntzako interprete bat egongo da.

160 jarduera baino gehiagoko programa bat dugu, udaleko teknikariei eta jai batzordeari esker egin daitezkeenak. Haur, gazte, heldu eta nagusientzako jarduerak daude eta Durangoko auzoetan hainbat ekitaldi egingo dira.

Udalak Durangora datozen pertsona guztiak animatzen ditu ondo pasatzera, baina beti errespetuz eta gure herria zainduz. Jakina, puntu morea eta 24 orduko telefonoa egongo dira. Erasoren bat jasan baduzu edo erasoren bat ikusten baduzu, deitu 747 459 584 telefono zenbakira . Ez dugu eraso sexistarik onartuko eta gogoratu: “BAI” bakarrik da bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!