Dena merkatu plazako infografiarekin hasi zen (2022ko maiatzean), baina, gaur egun, gutxi edo ezer ez da aurreratu proiektu honetan. Gero, ospitale ikusgarri bat ikusi genuen PERIko lurretan, Durangaldeko osasun-beharren azterketa egitearen alde bozkatu ez zutenen eskutik. Ondoren, beste guztiak etorri dira: Correoseko eraikin zaharra, Aramotzeko gizarte-etxea, San Faustoko Kapitanena baserria, Murueta Torre baserria eta trenaren trazadurako bidegorria. Egia da oso ikusgarriak direla, baina kontuz! Dirua suposatzen digu horiek egitea.
Eta, gainera, zenbaterainokoa da proiektu horien guztien batura? Milioi asko, Durangok ez dauzkanak (adibidez, 6 milioi euro merkatu plazak, milioi bat euro Kapitanenak, eta, gutxienez milioi bat euro trenaren trazadurakoak). Eta, gainera, azken urte hauetan Next Generation funtsen aukera asko utzi dira pasatzen. Hori gertatu da inolako aurreikuspenik egon ez delako, eta 4 urte hauetan gehiago gidatu garelako sare sozialetan erabakitzen denarekin.
Baina tira, duela 4 urte PERIko lurretan dena parke berdea izatea bideragarri eta errealistatzat saldu bazen, gezurretan ari zirela jakinda, argi dago denak balio duela Durango birtual honetan.