Beti proposamenekin

Erabiltzailearen aurpegia Jesica Ruiz 2022ko aza. 4a, 09:05

Azken asteetan 2023ko aurrekontuak negoziatzen ari direla entzuten ari gara, bai Estatu mailan, bai Eusko Jaurlaritzan, eta Durangon ere horretan gabiltza.

Durangoko sozialistak beti egon gara hitz egiteko prest. Gu ez gara populistak, gu ez gaude beti ezezkoan, guztiz kontrakoa, beti aurkeztu ditugu bideragarriak diren proposamenak. Gure izaera proposatzaileari esker, iaz Durangoko Gobernu taldearekin akordio batera heldu ginen. Gure helburu bakarra Durango eta durangarren bizitza hobetzea da. Orain akordio horren emaitzak ikusten ari gara, esaterako: izotz pista jarriko da berriro (gainera aurten sintetikoa izango da), San Ignazio parkea estaliko da (ikusiko dugu noiz egiten den, oraindik pauso asko falta baitira honen amaiera ikusteko), eta hilabete honetan eskura jarri diren ostalaritzarako bonuak ere gure proposamen bat izan dira. Baina oraindik beste batzuk daude egin barik.

Akordio honetara iristeko, beste proposamen batzuei uko egin behar izan genien. Negoziazio batean alde biek gauzak galdu behar dituzte, baina, kasu honetan, gobernu taldeak ez zion ezeri uko egin. Gainera, urtean zehar 10 milioi euro baino gehiago atera ditu soberakinetik (ia zegoen guztia) oposizioarekin inolako elkarrizketarik izan gabe eta askotan dekretu batekin eginda. Hala ere, PSEtik aurten berriro proposamenak egin ditugu. Ikusiko dugu akordiorik lortzen dugun ala ez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!